Gizonezko bat atxilotu dute, droga trafikoa leporatuta

elgoibarren.net 2012ko ots. 27a, 12:25
Ertzaintzak 26 urteko gizonezkoa atxilotu zuen zapatuan, droga trafikoa leporatuta. Atxilotu zuten unean speed-az beteriko hamabi poltsatxo, zazpi haxix zati, marihuana kukulu bat eta drogak manipulatzeko tresna bat atzeman zioten Ertzaintzako agenteek. Droga trafikoari aurre egiteko Debabarrenan egiten diharduten kanpainaren barruan egin zuten atxiloketa.
 
Banda handirik ezean, trafikatzaile txikien bila
 Ertzaintzako iturriek jakinarazitakoaren arabera, Debabarrena eskualdean “dagoeneko ez dago eskala handian substantzia estupefazienteak banatu edo saltzen dituen bandarik”. Hala eta guztiz, horrelako talde gehiago sor litezkeela-eta “erne” jarraitzen dutela ohartarazi dute. Orain, txikizkako salmentan jarri dute arreta, eta, horretarako, gazte eta helduen artean substantzia estupefazienteen txikizkako salmentari eta droga kontsumoari aurre egiteko kanpaina jarri dute abian, Debabarrenako herrietan. Hala, Ertzaintzako agenteek zaintza lanak egingo dituzte eskualdean, ikastetxeen inguruetan, batez ere, ikasleen artean droga salmenta eta kontsumoa kontrolatzeko.
Zaintza kanpainaren lehen fruituak
 Zaintza lan hori hasi da lehen fruituak ematen. Hala, Eibarko ertzain-etxeko agenteek 25 eta 50 urteko aita-semeak atxilotu zituzten, otsailaren 14an, Eibarren, droga-trafikoa egotzita. Agenteek, goiko argazkian ikus daitekeen moduan, hogei kilo haxix eta kokaina, eta marihuana kopuru txikiak konfiskatu zizkieten atxilotuei. (Informazio osoagoa hemen)
 Bigarren atxiloketa bat ere egin dute Ertzaintzako agenteek, kasu honetan Elgoibarren. Joan den zapatuan, otsailaren 25ean, atxilotu zuten 26 urteko gizonezkoa. Atxilotuari, ustez speed-a, haxixa eta marihuana harrapatu zioten poliziek. Atxilotuak aurrekariak dituela jakinarazi dute polizia iturriek.