Dantzan.com webgunearen aldeko babes kanpainarekin bat egin du Haritz dantza taldeak

elgoibarren.net 2012ko ots. 10a, 13:04
 
Dantzan.com atari digitala diru laguntzen beherakadaren eta bestelako diru iturrien urritzearen ondorioz itxi behar izan zuten, urtea hastearekin batera. Hamar urtez dantzaren munduari buruzko informazioa eman duen atariak, baina, atxikimendu ugari jaso ditu, tartean Elgoibarko Haritz Euskal Dantzari taldearena.

 Haritz dantza taldeko kideek jakinarazi dutenez, orain gutxi sortu den dantzan.com webgunearen aldeko laguntzaile taldeak babes-gutuna idatzi du. “Gutunean jasota dauden mezuak zabaltzea nahi dugu eta horregatik egin dugu bat”. Horrez gain, herritarrei ere bat egiteko deia luzatu nahi diete, “dantzari, dantzari ohi, dantzazale, musikari... eta azken finean dantza maite duen orok sinatu dezake-eta babes-gutuna”.
Dantzan.com-en aldeko babes-gutuna
 Azpian sinatzen dugunok, honakoa adierazten dugu:
Dantzan.com dantzaren alorreko informazio iturri oparoa da. Dantza tradizionalari dagokionean, egunean egoteko erreferentzia.
...dantza tradizionalaren sektorearen bilgune da, etengabeko elikatzailea, sektorearen elkar-harremana eta kohesioa ahalbidetzen ditu, eta bere jarduerak dantzaren alorra dinamizatzen du.
...dantza tradizionalean etengabeko formakuntzarako baliabide da, eta dantza tradizionalaren kalitatea hobetzeko agente aktibo garrantzitsua.
...bakarra da. Betetzen duen zerbitzua ez du gaur egun beste inork hain modu eskuragarrian eta arinean eskaintzen.
Horrenbestez: dantzan.com elkarteak eskaintzen duen zerbitzua oso baliagarria zaigu gure jarduerarako. Gure ustez zilegi da, eta beharrezkoa, dantzan.com zerbitzua diru publikoz babestea, euskal dantza tradizionalaren onerako.
 
Lotura duten albisteak:
Bideoa: Bizi dantzan!