Agortu egin da Udalak argitaratutako 2011ko egutegia

elgoibarren.net 2011ko urt. 7a, 15:09
Dagoeneko agortu da Udalak argitaratu duen 2011ko egutegi handia, boltsikoko egutegiak, berriz, geratzen dira oraindik ere eta Kultur Etxean eskura daitezke.

1706639288509 Agortu egin da Udalak argitaratutako 2011ko egutegia

Udaleko Euskara Sailak Ongarriren laguntzaz prestatu ohi duen egutegiak beti izan du arrakasta herritarren artean, baina aurtengoa ez ohikoa izan da, eskuetatik kendu dizkiote Euskara Sailari egutegiak. Egutegi txikiak (6.000 ale) buzoietan, eskoletan, euskaltegietan… banatu ditu Udalak baina handiak (2.500 ale) Arreta bulegoan eta Kultur Etxean eskuratzeko aukera izan dute elgoibartarrek.
  Udalarentzat eta Ongarri argazkilari elkartearentzat pozgarria da euskaraz egindako produktu batek horrelako harrera izatea herritarren artean, eta Euskara Saileko ordezkarien esanetan, “herritik kanpo ere asko dira egutegi horren zain egoten direnak, horrela jakinarazi digute eta elgoibartar askok”.

 Egutegiaren arrakastaren arrazoietariko bat argazkiak direla uste dute, “herritarrek egindako argazkiak dira eta horrek erakargarriagoa egiten du egutegia. Baina hori ez da arrazoi bakarra izan, diseinuak ere zerikusia izan duela uste dugu, euskara bultzatze aldera, aurten tradiziozko jaiekin lotura duten esaerak sartu ditugu, eta egutegia zerbait praktikoa izateko oharretarako gune bat ere egokitu dugu”. Badirudi diseinu aldaketa hori ere herritarren gustukoa izan dela.

 Egutegi txikian herritarrentzat interesgarriak diren telefono zenbakiak ageri dira, beraz, oso baliagarria da edonorentzat. 

 Bukatzeko, Udaleko Euskara Sailak eta Ongarri Argazkilari Elkarteak eskerrak eman nahi dizkiete argazki lehiaketan parte hartu duten argazkizale guztiei eta herritarrei egutegiari “horren harrera ona” egiteagatik.