Hamar xakelari eta helburu bakarra: xake-matea

elgoibarren.net 2009ko abe. 11a, 12:08
Abian da Elgoibarko Maisuen Nazioarteko XVIII. Xake Txapelketa. Txapelketaren aurkezpena egin eta gero atzo (abenduak 10) arratsaldean jokatu zituzten estreinako partidak udaletxeko pleno aretoan. Abenduaren 17ra bitartean hamar xakelari arituko dira, nor baino nor, txapelaren bila. Partidak zuzenean ikusteko aukera dago, bertatik bertara zein Internet bidez.
 

 Jokalari berriak sustatzeko helburuarekin sortu zuten xake torneo klasiko hau 1991ko azaroan. Estreinako edizio hartan, 16 urte besterik ez zituen Vesselin Topalov izeneko bulgariar batek parte hartu zuen. Hurrengo urtean Maisu Handiaren titulua lortu zuen eta 2005ean Munduko Txapeldun izatera ailegatu zen.

  Hamazortzi urteetan 25 herrialdetako 150 xakelarik parte hartu dute. Euskaldunei dagokienez, 1996ean, Felix Izeta Maisu Handi gipuzkoarra nagusitu zen eta 1999. urtean Mario Gomez Maisu Handi bizkaitarra izan zen irabazlea. Euskal Herriko beste jokalari batzuek parte hartu izan dute: Santiago Gonzalez De la Torre FIDE Maisua, Iñigo Argandoña Nazioarteko Maisua, Rafael Alvarez Nazioarteko Maisua, e.a. Hamazazpi izan dira, guztira, hemengo jokalariak, eta torneo honi esker bultzada handia jaso dute denek.
 

1706639980510 Hamar xakelari eta helburu bakarra: xake-matea

 Oleg Korneev (argazkian) Maisu Handi errusiarrak 6 aldiz irabazi du txapelketa. Edizio honetan ere, bera, Azerbaijango Azer Mirzoev eta Dragan Paunovic serbiarra dira faboritoak. Estreinako edizioa irabazi zuen Zenon Franco Maisu Handi paraguaiarra ere lehian arituko da. David Lariño Nazioarteko Maisu galiziarra ere (2008an Espainiako Txapelketako irabazle izandakoa) aurtengo parte hartzaileen artean dago.
 
 Sustatu beharreko jokalarien artean Kiprian Berbatov 13 urteko bulgariarra dago. Iaz, 12 urtez azpiko Europako txapeldun izan zen. Euskal Herriko Alejandro Franco eta Mikel Huerga Maisu Handiaren normaren bila arituko dira. David Astasio arabarra, berriz, Nazioarteko Maisuaren normaren atzetik.

Pleno Aretoan eta Interneten

1706639980544 Hamar xakelari eta helburu bakarra: xake-matea

 Iaz demaseko segimendua eduki zuen Interneten Udal Kirol Patronatuak, Euskadiko Xake Federazioak eta Zubi Ondo Xake elkarteak antolatutako torneoak. 300.000 pertsonek jarraitu zuten www.xake.net web gunearen bitartez. Partidak, bertatik bertara, Pleno aretoan ikusteko aukera ere badago, ordea.
Ordutegia: 17:00etatik aurrera Pleno aretoan
*Ostegunean (abenduak 17) goizez jokatuko da azken jardunaldia.
*Abenduaren 11n eta 14an goizez (10:00etatik aurrera) eta arratsaldez jokatuko dira partidak.
 
Informazio gehiago: