Lortuko ote du Korneev errusiarrak zazpigarren txapela?

elgoibarren.net 2009ko aza. 24a, 13:03
 
Abenduaren 10ean hasiko da Elgoibarko Maisuen Nazioarteko XVIII. Xake Txapelketa udaletxeko pleno aretoan. Nazioarte mailako hamar xakelari arituko dira zazpi egunetan txapela lortzeko borrokan. Faborito argia, baina, Elgoibarko torneoa sei bider, iazkoa barne, irabazi duen Oleg Korneev errusiarra izango da.

 Gainerako parte hartzaileen artean, aurreko urteetan Elgoibarrera etorri izan diren xakelari asko daude: Azerbayango Mirzoev, Paunovic serbiarra, Ivan Salgado galiziarra, e.a. Bat nabarmentzekotan, ordea, Zenon Francoren itzulera nabarmendu behar da. Elgoibarko Nazioarteko Txapelketaren lehen edizioa, 1991n jokatu zena, irabazi izanaren ohorea dauka Paraguaykoak.

Sei aldiz irabazi du Oleg Korneev errusiarrak Elgoibarko Txapelketa.

 Korneev eta Mirzoev, iazko irabazle eta txapeldunordeaz gainera Ivan Salgado ere gertutik zaindu beharreko xakelaria izango da, galiziar gaztea urtetik urtera emaitza hobeak lortzen ari da-eta. Turkian jokatu berri den 18 urtez azpiko txapelketan, esaterako, txapeldunorde izatea lortu du. Etorkizun handiko beste gazte batek ere zeresan handia eman dezake. 14 urte besterik ez dituen Berbatov bulgariarra, adin bereko Srinath Narayanan indiar haur prodijioak iaz eginiko lana hobetzen saiatuko da. 

  Udal Kirol Patronatuak, Euskadiko Xake Federazioak eta Zubi Ondo Xake elkarteak antolatutako txapelketa abenduaren 10ean aurkeztuko dute, 12:30ean, udaletxeko pleno aretoan. Partidak, joan den urtean hasitako bidetik, udaletxean bertan jokatuko dira. Txapelketa Internetez jarraitzeko aukera ere izango da. Iaz 300.000 bisitatik gora eduki zituen Elgoibarko txapelketak.

2009ko parte hartzaileak:

  • Azer Mirzoev (Azerbayan)
  • Oleg Korneev (Errusia)
  • Ivan Salgado (Espainia)
  • Dragan Paunovic (Serbia)
  • Zenon Franco (Paraguay)
  • David Lariño (Espainia)
  • Kipria Berbatov (Bulgaria)
  • Alejandro Franco (Euskadi)
  • Mikel Huerga (Euskadi)
  • David Astasio (Euskadi)
Lotura duten albisteak: