Astigarraga txapeldunorde eta Zuazo txapeldun Elgoibarko lauko finalean

Barren.eus 2019ko mar. 17a, 16:17

Barakaldoko Zuazo taldeak irabazi du asteburuan Olaizaga kiroldegian jokatu duten jubenil mailako emakumezkoen Euskadiko Eskubaloi Txapelketa. Sanloko Astigarraga GYS Sport taldeak bigarren egin du eta Espainiako Txapelketako sektorea jokatuko du hilabete bat barru.

Euskadiko Eskubaloi Txapelketako lauko finaleko azken jardunaldia jokatu dute, gaur goizean, Olaizaga kiroldegian. Talde bizkaitarren arteko lehia jokatu dute Zuazok eta Kukullaga Etxeberrik lehen partidan. Zuazok lortu du garaipena (23-20), lauko finalean lortu duten hirugarrena, eta honenbestez, merezimendu osoz irabazi dute barixakutik Olaizagan jokatu duten txapelketa.

Astigarraga GYS Sport eta Zarauzko Aiala taldeek jokatu duten txapelketako azken partidan bigarren postua egon da jokoan, Espainiako Txapelketarako txartela eskuratuta baitzuten biek -lauko finaleko lehen hiru sailkatuek jokatuko dute-. Partida lehiatua jokatu dute bi taldeek eta elgoibartarrek lortu dute garaipena, 26 eta 22.

•"Gakoa lehen partidako lehen zatian"

Astigarragako entrenatzaile Lorea Gabilondo pozik eta "oso harro" dago taldeak jokatu duen txapelketarekin, eta lortu duen bigarren postuarekin. Maila handiko aurkariak izan dituztela nabarmendu du. Edonola ere, txapelketa irabazteko aukerak izan dituztela uste du Gabilondok. Txapeldun gelditu den Zuazoren aurka barixakuan jokatu zuten lehen partidan egon zela gakoa uste du. "Gakoa lehen partidako lehen zatian egin genuen jokoan egon da, defentsako jokoan, hain zuzen. Dela txapelketa hasierako urduritasunagatik, dela etxean jokatzeagatik... ez genuen gure ohiko maila eman defentsan. Hamasei gol jaso genituela uste dut. Gehiegi. Bigarren zatian sei bat goleko aldeari buelta eman genion ia, baina indarrak horren parekatuta dauden txapelketa batean zaila da aldeei buelta ematea". Ia lortu zuten, gol baten aldeagatik galdu baitzuen partida Astigarragak, 26-27. Gabilondo pozik dago hurrengo bi partidetan erakutsi duten kemena eta jokoarekin. "Horietan bai, hor geu izan gara kantxa gainean", esan du. Atzo, bigarren jardunaldian, 21-27 irabazi zieten Kukullaga Etxebarri taldeari. Espainiako Txapelketako sektorea jokatzeko prestatuko dira orain, "gogor lan eginez", orain arte egin duten moduan.

2019 03 17 lauko finala euskadi eskubaloia elgoibar danak banderagaz europa sanlo